Prentsa Aretoa

2019/04/21

"Estatuaren etorkizun politikoan EAJ inplikatzea nahi duenak bermatu beharko ditu autogobernua eta bere eguneratzea"

Andoni Ortuzarrek, Iñigo Urkulluk eta Aitor Estebanek 2.500 alderdikide eta alderdizaleren aurrean hitz egin dute Bilboko Plaza Barrian, Aberri Eguneko ekitaldi politikoan, eta hirurek gogoratu eta aintzatetsi dute Xabier Arzalluzen figura

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

“Bihar esango dute Aberri Eguneko gauzak direla eta ez direla aintzat hartu behar. Baina, adi egon, oso kontu serioa delako: EAJk Estatuko erakundeetan izango duen inplikazioak, gure erantzukizunak, zerikusia izango du gure burujabetasunari erakutsiko zaion errespetuarekin, autogobernuari eta Estatutuari esker gaur egun daukagun burujabetasuna, gure hiritargoak etorkizunean erabakiko duena. EAJk Estatuaren etorkizun politikoan inplikatzea nahi duenak bermatu beharko du euskal autogobernua eta bermatu beharko du legearen bidez eta bide demokratikotik eguneratuko dela. Hau da, Estatuko lurralde ereduaz hitz egin beharko da, nazio aniztasunaz, gure nazio aitortzaz, bilateralitateaz”. Andoni Ortuzarren hitzak izan dira, Euzkadi Buru Batzarreko presidentearenak, EAJ-PNVk gaur Aberri Eguneko ekitaldian esan dituenak. 2.500etik gora lagun elkartu dira eta txiki utzi dute gaur Bilboko Plaza Barria. Aberri Eguneko Ekitaldian,Ortuzarrekin izan dira eta hitz egin dute gaur goizean Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Aitor Esteban apirilaren 28ko Hauteskunde Orokorretan EAJ-PNVk Bizkaitik aurkeztuko duen zerrendaburuak. Urkulluk euskal herritarrak gonbidatu ditu XXI. mende honetan Euskadiren alde zer egin dezaketen pentsatzera, eta bere bost erantzunak eman ditu: “Enplegua, berrikuntza, elkartasuna, elkarbizitza eta autogobernua”. Estebanek baieztatu du Kongresu eta Senatuko euskal ordezkariek ere Euskadi eraikitzen lagundu dutela Madrilen.

Ortuzarrek aitortu du Aberri Eguna baldintzatuta dagoela aurten “Espainiako hauteskundeekin eta aurkezten diren alderdi batzuek zabaldu dituzten mehatxuekin”. Ortuzarrek esan du autogobernua arriskutan dagoela eta “blindatzea” dela edozein abertzalek lehenetsi behar duen lana. “Autogobernua ez zabaltzeaz baino, zuzenean suntsitzeaz hitz egiten ari dira batzuk”, ohartarazi du. Eta Estatuko alderdi batzuk, ustez euskal autogobernutik hurbil daudenak, isilik geratu diren bitartean, jeltzaleen buruak bermatu du “aurrez aurre eta aurre egiteko asmoarekin izango gaituzte”. “Inork Estatutua hausten badu ,Alderdi honen eta Herri honen erantzuna jasoko du. Zilegitasun osoa izango dugu, demokrazian oinarrituta, egin nahiko diguten erasoaren araberako erantzun politiko eta soziala emateko”.

Kanpoko mehatxuari aurre egiteaz gain, Ortuzarrek autokritika egin du eta esan du gaur egun ez dagoela elkarlanik esparru abertzaleko hiru taldeen artean: EAJ, ELA eta Ezker Abertzalea. Sindikatuaz, Ortuzarrek kritikatu du beren proiektua politikoa dela nagusiki, sindikala izan beharrean. “Burujabetza eta iraultza identifikatzen ditu eta independentziara iritsi nahi du grebaren bidez”. “Gure baitatik sortu zen erakundeak” EAJ-PNV mesprezatzen duela deitoratu ondoren, Ortuzarrek ELAri esan dio bere estrategia “desastrea” dela Euskadirentzat eta EAJ-PNVren emakume eta gizonekin ez dezatela kontatu Euskadiren eta bere erakundeen kontrako grebak antolatzeko. Ezker Abertzaleaz, jeltzaleen buruak esan du “despistatuta” dabilela “iraultzaile edo erabakigarri” izan nahi ote duen aukeratu ezinik. Madrilen Euskadi defendatzeagatik urtetan EAJri kritika egin ondoren “orain beraiek izan nahi dute Euskadiren ordezkariak, baina txarto hasi dira: Espainiako Gobernuaren begikoa izaten saiatuz, botoa musutruk emanez”.

Ortuzarrek, Urkulluk eta Estebanek lehenago egin duten bezala, Xabier Arzalluz gogoratzeko eta omentzeko hitzak eskaini ditu. “Gure miresmen osoa adierazi nahi dugu Alderdiari eman zion guztiagatik, baina batez ere Euskadiri eman zion guztiagatik. Arzalluz, Ajuriagerra eta Leizaola omendu eta gogoratu nahi ditugu, klandestinitatetik askatasunera eraman gintuen belaunaldi oso hura, debekatuta egotetik autogobernura eraman gintuena. Gaur egun Euskadi dagoen lekuan dago, neurri handi batean, beraiei esker. Adoretsuak, zorrotzak eta ausartak izan ziren. Ez ziren kikildu hemengoen pistola eta handikerien aurrean, ezta hango mehatxuen aurrean ere”, aldarrikatu du. Amaitzeko, Ortuzarrek mezu bat luzatu nahi izan die Bilboko Plaza Barrian elkartu diren gazteei. “Egon zaitezte harro Alderdiaz, orain arte eginiko bideaz, eta mugimendu honen aitzindaritzan jar zaitezte. Merezi du EAJko kide izateak, merezi du Euskadiren alde lan egiteak eta merezi du emakume eta gizon askeen Euskadi askea eraikitzeko ahalegina egiteak”.

Iñigo Urkullu Lehendakariak euskal hiritarrak gonbidatu ditu minutu batzuetan “hausnarketa eraikitzailea” egitera, hauteskundeen zaratatik isolatzera eta XXI. mendean Euskadi nola defendatu eta hobetu ahal den pentsatzera. Eta bere erantzunak eskaini ditu. Lehenengoa, enplegua “Abertzalea izatea da Euskadi defendatzea eta sustatzea eta enpleguaren alde borrokatzea. Pentsa dezagun gazteengan, langabezian denbora luzea daramaten pertsonengan, beren familiengan, horrenbeste emakumerengan. Euskadi bat nahi dute enplegu aukera berriekin. Gure Herriarentzat nahi dugun gauza bera nahi dute: emantzipazioa. Xabier Arzalluz gogoratzen dugu: ‘primum vivere!’. Aurrera egiten dugu. Enpleguz enplegu. Gaur Euskadin 56.000 pertsona gehiago daude Gizarte Segurantzan, duela hiru urteko kopuruarekin alderatzen badugu. Langabeziak %10,2ra jaitsi da. Baina ez da nahikoa”. Bigarren erantzuna, berrikuntza eta etengabeko hobekuntza. Hirugarrena, solidariotasuna. “Solidariotasun politikak dira Euskadiren nortasun ikurra. Aberrigintza da hemen bizi diren eta hona iristen diren pertsona guztiak babestea. Inor atzean ez uztea”. Elkarbizitza integratua eta integratzailea finkatzea da laugarren erantzuna. “Lasterbideak hartu zituztenak ahulduta daude, ez dakite hutsegiteak eta eragindako min bidegabea aitortzen”. Eta bosgarren erantzuna, autogobernua. “Abertzalea izatea, Euskadi defendatzea eta sustatzea da egunero lan egitea gure Autogobernua zabaltzeko eta finkatzeko. AP 68 autobideak osatzen du euskal erakundeen ardurapean dagoen errepide mapa. Autogobernu handiagoa. Oparotasun handiagoa, ongizate eta bizitza kalitate handiagoa. Euskadi gehiago”.

Amaitzeko, Urkulluk EAJ-PNVren estrategia aldarrikatu du maximalisten jarreraren aurrean (dena edo ezer ere ez, maximalismoa minimalismo bihurtuta), ukatzaileen aurrean ( mehatxu bat, une honetan hirukoiztuta dagoena: ez dute gure nazio errealitatea aitortzen eta eraiki duguna kendu nahi digute) eta atzeratzaileen aurrean (dena atzeratzen dute: Euskadiri begiratzen diote gobernatzeko behar gaituztenean soilik). “Horien guztien aurrean alternatiba bat dago. Alternatiba da Euzko Alderdi Jeltzalea. Balore eta oinarri sendoak. Kultura demokratikoa. Gure Autogobernuaren eta gure historiaren berezitasuna aintzat hartzea. Euskadiren nazio errealitatea aitortzea. Estatuarekiko harreman eredu berria berdintasunean, bilateralitatean eta akordioan oinarrituta eta berme erregimen batekin”, amaitu du Lehendakariak.

“Kementsu izateko borondateak egin du euskal herriak, euskal aberriak, bizirik jarraitzea, beste batzuk desagertu direnean”. Aitor Estebanek baieztatu duenez Kongresu eta Senatuko ordezkari jeltzaleek “euskal nazioa eraikitzen laguntzen dute Madrilen” eta gogora ekarri du aurreko legealdian erakutsi dutela lagungarriak direla euskal herritarrentzat. “Harrokeriarik gabe esan dezakegu diskurtsoak egiteaz gain gure programa betetzen jakin izan dugula, gure hiritargoari emaniko hitza bete dugula. PSOEk edo Podemosek egiten jakin izan ez zutena, pentsioen igoera orokorra, EAJk egin zuen bost diputaturekin”, aldarrikatu du. “Beti Euskadi gogoan, baina denontzat gauza onak eginez”, laburbildu du. Estebanek era berean nabarmendu duenez “jendeak alderdi batean konfiantza dauka bere sinesgarritasunagatik eta bere konfiantzagatik, eta ez bi asteko kanpainan esandako lau diskurtsorengatik”. Era berean gogoratu ditu EAJ-PNVk azken legealdi honetan lortutakoak: Kupoari eta Ekonomia Itunari buruzko akordioa, argindar tarifa merkeagoak, inbertsioak energia berriztagarrietan, Euskal Y trenbidea, Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea, Forondako 24 orduko zerbitzua, transferentziak. “Ez daitezela lelokeriekin etorri; Euskal Agenda guk asmatu genuen, eta esan dudan hori guztia da”, amaitu du.

Gure Legebiltzar Taldea