Prentsa Aretoa

2020/05/27

DGSren kudeaketa lortu izanak “alderdi politiko eta ekonomikoan eta eskuduntzen alorrean duen balio ukaezinaz gain, hiritargoan izango duen eragin zuzena” nabarmendu du Aitor Estebanek

Sabin Etxean gaur egin den prentsaurrekoan, Euskal Taldearen bozeramaileak itun hau bereizi du alarma-egoeraren balizko luzapen berri batekin, eta ildo beretik azpimarratu duenez “EAJkoak beti aurkituko gaituzte akordioaren joko-eremuan, hiritargoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren eskuduntzak defendatzeko bada”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, gaur nabarmendu du Gutxieneko Diru-Sarreraren kudeaketa Euskadi eta Nafarroara transferitzeko lortu den akordioak “alderdi politiko eta ekonomikoan eta eskuntzen esparruan” zalantzarik barik duen balioaren garrantzia,bai eta akordioak “hiritargoarengan izango duen eragin zuzenarena”.

Sabin Etxean eskaini den prentsaurrekoan, EAJ-PNVren eta Espainiako gobernuaren artean adostu den akordioa ezagutu denetik ordu batzuetara Estebanek baieztatu duenez, itun honi esker “Euskadik bere eskuduntzei eusten die, bai eta hiritargoenganako kudeaketa hurbilari ere”.

Estebanek azaldu du akordio hori izan dela “hainbat astetako” lanaren fruitua. Lan horretan zuzenean inplikatu da Eusko Jaurlaritza, Enplegu eta Gizarte Politiken Sailaren bidez, prozesu berean Nafarroako Foru Erkidegoaren Gobernuak ere parte hartu duelarik. Azkenean, EAJ-PNVren EBBko presidente Andoni Ortuzar eta Espainiako gobernuko Lehen Presidenteorde Carmen Calvo izan dira akordioa ixteaz arduratu direnak.

“Itun honek ageri-agerian uzten du GDSa Euskadin egokiro ezarri eta kudeatuko dela. Zehatza da, bai eta egiaztagarria ere”, adierazi du Estebanek. EAJ-PNVren lehen helburua baitzen diru-laguntza hau indarrean jartzerako orduan sor litezkeen “arazo juridiko eta praktikoak saihestea”, Euskadin antzeko laguntza dagoelako DSBE izenekoa,alegia: “Kudeaketa arazoak sor litezke, eredu biek elkarren artean talka egin zezaketelako”, baieztatu du bozeramaile jeltzaleak.

Estebanek era berean adierazi nahi izan du GDSa Euskadiko administrazioak zuzenean kudeatzerako orduan bermatuko dela “inoren diru-sarrerak murriztea”, DSBEarekin jasotzen ziren kopuruekin alderatuta. Azaldu duenez “Estatuak ezarriko duen oinarria egongo da eta baldintza batzuk ezarriko dira” eta Euskadiko administrazioak oinarri hori osatu ahal izango du “bestelako baldintza batzuk betetzen badira”.

Beste alde batetik eta kazetariek egin dizkioten beste galderei erantzunez, Estebanek akordio hori bereizi du alarma-egoeraren balizko luzapenaren inguruko akordio batekin. “Ez du inolako zerikusirik alarma-egoeraren luzapenarekin.Ez dakit Espainiako gobernuaren planteamendua zein izango den. Jakin dakit denok irakurri ahal izan duguna eta ulertu dut guk eginiko proposamen bat kontuan har lezaketela: 3. Fasean gerta daiteke alarma-egoera beharrezkoa ez izatea edo, bestela, alarma-egoera ez dela leku guztietan aldi berean kendu behar izango. Beste informazio batzuetan esaten zen alarma-egoera Autonomia Erkidegoen presidenteen esku gera litekeela. Zentzu horretan badoaz, behar bada bat etor liteke EAJk erabaki dezakeenarekin”.

Edozein kasutan, Estebanek esan du ituna “urrats positiboa” izan dela eta Espainiako gobernuarekiko harremanak bide horretan kokatu ditu “akordioak betetzen diren neurrian”. “Legealdi konplikatua da, eta gu akordioen esparruan aurkituko gaituzte, beti hiritargoaren defentsan eta eskuduntzen defentsan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean”, baieztatu du.

Gure Legebiltzar Taldea