Prentsa Aretoa

2021/11/04

`Euskal agenda´ are sakontasun handiagoarekin aztertzea eta EAOetan inbertsio eraldatzaileak bultzatzea erreklamatu dio Idoia Sagastizabalek Espainiako gobernuari

Euskal Taldean aurrekontu gaietarako bozeramaileak gogora ekarri duenez “oraindik bide luzea geratzen zaigu Aurrekontuak adosteko”, eta berretsi du osoko zuzenketen kontrako botoa “negoziaketarako abiapuntua” baino ez dela “desadostasunak eztabaidatu ahal izateko”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Kongresuko Euskal Taldeak kontrako botoa eman du gaur Estatuko Aurrekontu Orokorrei aurkeztu zaizkien osoko zuzenketen bozketan, baina diskurtso kritikoarekin egin du Gobernuak aurkeztu duen aurrekontu proiektuari dagokionez eta, batez ere, EAErako planteatzen diren inbertsioei dagokionez. Hala, eta EAJ-PNV elkarrizketarako eta negoziaketarako “erabat prest” dagoela adierazi ondoren, aurrekontu gaietarako bozeramaile jeltzale Idoia Sagastizabalek baieztatu du Espainiako gobernuarekin akordio bat adostuko bada, ezinbestean “`euskal agendaren negoziaketari´ heldu beharko zaiola orain artekoa baino sakontasun handiagoarekin eta, horri lotuta, inbertsio eraldatzaileak bultzatu”.

Sagastizabalek Kongresuan gaur goizean egin den eztabaidan berretsi duenez “oraindik bide luzea geratzen zaigu Aurrekontuak adosteko” eta gaineratu du Kontuen lehen izapide honi eman zaion oniritzia “desadostasunak eztabaidatzeko abiapuntua” baino ez dela.

“Estatuko Aurrekontu Orokorrak hobetu daitezke eta, zentzu horretan, zuzenketa partzialak aurkeztuko ditugu asmo eraikitzailearekin”, esan du Sagastizabalek. Diputatuak berak eginiko analisiaren arabera “EAErako aurreikusi diren inbertsioak ez daude behar bezala jasota; guztiz alderantziz Euskadin aurreikusten diren inbertsioak 2021eko proiektuan jasotakoak baino gutxiago dira, bereziki ADIF edo ENAIRE bezalako organismo autonomoei dagokienez”. Hala, diputatu jeltzaleak kritikatu egin ditu `Euskal Y´ trenbideari buruzko akordioen betepenean eman diren atzerapenak, Euskadiko aireportuetarako partidetan inbertsioetarako aurreikusten diren partida eskasak eta trenbide azpiegituretan segurtasunarekin eta irisgarritasunarekin zerikusia duten inbertsioak desagertu izana. Zentzu honetan, Sagastizabalek salatu du ezabatu egin direla herrialde historikoetan hainbat trenbide pasabide kentzeko aurrekontu partidak desagertu izana edo Bilbao-Santander trenbide linearako inbertsiorik eza, Sagastizabalen esanetan “bereziki larria” den zerbait, Karrantza moduko herriak erabat isolatuta uzten dituelako.

Edozein kasutan, Sagastizabalek baieztatu du garrantzitsua dela “Estatuak eta administrazio guztiek Aurrekontu berriak izatea”. “Europako Funtsek ematen duten aukera ahal den gehien aprobetxatu behar da inbertsioak murriztuko dituzten arauetatik kanpo”. Horregatik berretsi du EAJ-PNV akordioetara iristeko prest dagoela zuzenketa partzialak negoziatzeko izapidean.

Hitza hartzeko izan duen tartean, diputatu jeltzaleak baieztatu du Euskal Taldearen aburuz Kontuek “oinarri ahula” dutela eta zalantzak planteatu ditu diru-sarreren onargarritasunaz, bai eta Europako Funtsen kudeaketaz eta aprobetxamenduaz ere.

Lehen gaiari helduz, alderdi makro-ekonomikoaren lurrunkortasunari dagokionez, Sagastizabalek beherago jo du Espainiako gobernuak aurreikusi duen hazkundea “aurreikusitakoa baino motelago” joango dela nabarmenduz, baina era berean erreklamatu du “iragarpen katastrofistetatik” aldentzea, besteak beste eztabaidan zehar entzun direnak.

Hain zuzen ere, Euskal Taldeko diputatua “bereziki kezkatuta” agertu da hornidura faltak zenbait produkzio lineetan eragin duen gelditzeagatik, horren ondorioz enpresak itxi behar izan direlarik. “Ez dugu ahaztu behar lantegiak geldituta eta produktibitaterik gabe ezin direla hobetu ez soldatak ezta mozkinak ere, eta horiek dira, hain zuzen, kontsumoa bultzatzen dutenak”. Aldi berean “arriskutan egon daitezke Europako Funtsei lotutako proiektu batzuk, bateriena kasu”. “Elkarlanean jardun beharko da zentzu horretan”, esan du Sagastizabalek.

Bigarrenez, Euskal Taldeko aurrekontu gaietarako bozeramaileak nabarmendu du arriskutsua izan daitekeela “ekonomiaren hazkundea” Europako Funtsei gehiegi lotzea, 2021erako aurreikuspenak %50etik gorakoak izango ez direlako. Era berean, Sagastizabalek baieztatu du Funts horiei lotutako inbertsioek “ekonomia eraldatzeko asmo argia“ izan behar dutela “hazkunde sendoagoa eta iraunkorragoa bermatuz, bai eta kogobernantza zabalagoa eta hobea Autonomia Erkidegoekin”. Zentzu honetan, Sagastizabalek kritikatu du Europako Funtsak “Ministerioetan banatuta egotea eta helburu zehatzei lotuta egotea, eraldatzeko asmoan baino gehiago, kohesio-irizpideetan oinarrituta”. Edozein kasutan, Sagastizabalek baloratu du Espainiako gobernuak ulertu duela Autonomia Erkidegoek PERTE erregionalak garatu ahal dituztela “proiektu bultzatzaileak, tokian tokiko errealitatearekin zuzenean konektatzen dutenak, inbestitzeko politika egokiak abian jartzeko tresna bihurtuko direnak”.

Beste alde batetik, Euskal Taldearen aburuz, “diru-bilketaren gorakada, berriz ere, ziklo ekonomikoari lotuegi dago, diru-sarreren alderditik zerga neurri nabarmenik proposatzen ez delako”. Hain zuzen ere eta zergei buruzko eztabaidari dagokionez, Sagastizabalek baieztatu duenez “zergak beheratzea, argi eta garbi, erabat bideraezina da; kimera hutsa, gaur egungo babes eta ongizate mailari eutsi nahi bazaio eta, ahal bada, hobetu nahi bada”. Diputatu jeltzaleak zentzu berean esan duenez “ez da publizitateko esloganetarako momentua, baizik eta fiskalitateari buruzko eztabaida serioa egitekoa,eta patxadaz egin beharko da sistema progresibo eta ekitatiboa izateko, trantsizio berdearekin bat eginez”. Ildo beretik, diputatu jeltzaleak gogoratu du Espainiako gobernuak Sozietateetarako proposatu duen tipo minimoa Euskadin 2013tik aurrera dagoenarekin bat datorrela. “Beste behin ere, Foru Aldundiak, beren legegileekin, aitzindari eta progresista izan dira, baten bati hori entzutea gehiegi gustatu ez arren”, nabarmendu du.

Azkenik, Sagastizabalek gastuak eragiten dion kezka agertu du eta igotzeko “arriskua” aurreikusi du, gastuen %50 inflazioaren araberakoak izango direlako. Ildo beretik gogoratu duenez “Covid-aren gastu osoaren zati bat egiturazko bihurtuko da”. Era berean eskatu du “planifikazio bat” egitea “gaur egun ematen den defizita murrizteko eta gastu hau ordaintzeko beharko den finantzaketa ezartzeko”. Halaber, Sagastizabalek baieztatu du Aurrekontu honek “ezinbestean hedakorra denak”, zor publikoa “nabarmen” igo duela,bigarren seihilekoan BPGaren %122ra iritsiz.

Gure Legebiltzar Taldea