Prentsa Aretoa

2021/12/25

EAJ-PNVk deitoratu du Felipe VI.ak bere diskurtsoan aipatu gabe utzi izana Espainiako estatu barruan hainbat nazio bizi direla uste eta sentitzen dutenak

Diputatuen Kongresuko euskal taldeko bozeramaile Aitor Estebanek harrigarri jo du Estatuko buruak “garbitasun publiko eta moralaren eredu” izateaz hitz egin izana, Errege Etxearen modernizazioari heltzeari eta gardentasuna bultzatzeari muzin egiten dion bitartean

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“EAJk Estatuko buruari esan nahi dio Espainiako estatuaren baitan hainbat nazio bizi direla”. Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak, argi baino argiago hitz egin du gaur Felipe VI.aren Gabonetako diskurtsoaren inguruan egin duen balorazioan. Sabin Etxean egin den prentsaurrekoan, ordezkari jeltzaleak deitoratu du atzoko diskurtsoan Felipe VI.a berriro ere agertu zela nazio sentimenduen arazoa eta lurralde auzia “existituko ez balira bezala”, “euskal nazioa eta kataluniar nazioa existitzen direla sentitzen duten herritar asko izateak bat ere axolako ez balio bezala”. Ildo beretik ohartarazi duenez “une honetan sufritzen ari garen arazoak desagertu ahala, horien artean pandemia, Estatuaren egituraketaren arazoak bere horretan jarraituko du eta erantzun bat eman beharko zaio. Eta Koroa izan beharko litzateke erantzuna ematen saiatu beharko litzatekeen lehena, baina ikusten ari gara bere horretan jarraitzen duela, eta EAJren aldetik jarraituko dugu gogoratzen arazo bat dagoela”.

Estebanek uste du atzoko diskurtsoa ez dela “aurreko urteetako diskurtsoetatik gehiegi bereiztu: ondo egon daitezkeen gaiak dira, enuntziatu modura, baina xehetasunetan sartu gabe”. Jeltzaleen bozeramailea bai harritu duena izan da Estatuko buruak “esaldi bakar bat, oso laburra eta oso zehatza” esan zuela, ordezkari instituzionalek `garbitasun publiko eta moralaren eredu´ izan behar dutela adieraziz. Bere ustetan “ematen du Felipe VI.a etxerako lanak denei jarri nahi dizkiela baina bera oin-puntetan pasatzen da Koroaren arazo larria aztertzerakoan. Halako esaldiak bere aitak ere errepikatzen zituen bere urteroko diskurtsoan, eta ikusi dugu zertan zebilen”. Ordezkari jeltzaleak uste du “garbitasun publiko eta moralaren eredu” izatea, Felipe VI.ari aplikatuta izango litzatekeela “Koroaren instituzioa eraberritzea eta sinesgarritasuna irabaztea, baina sinesgarritasuna ez da diskurtsoaren agertokia aldatzea. Sinesgarritasuna da Konstituzioaren aldarazpenaren alde agertzea Koroaren bortxaezintasunaren inguruan, edo gardentasun handiagoa sustatzea Koroari dagokion guztiaz. `Garbitasun publiko eta moralaz´ hitz egiteak ez du bermatzen garbitasun publiko eta moral hori ematea, lehenago ikusi dugun bezala”.

Diskurtsoaren balorazioa egindakoan, Estebani galdetu diote EAJ-PNVk lan erreformaren inguruan duen iritziaz. “Denbora luzea daramagu Gobernuarekin hitz egiten, eta patronalak eta sindikatuek gure jarrera ezagutzen dute. Ulertzen dugu adostutako proposamenean alderdi onak daudela, baina tartean dauden parte guztiek lehen momentutik dakite eta argi baino argiago daukate EAJrentzat erabat funtsezkoa dela lan harremanen euskal esparrua babestea. Hemen ez daukagu Estatuko dinamika bera, eta enpresako buruekin dauzkagun harremanak ere ezberdinak dira. Hori babestu nahi dugu. Eta EAJrentzat funtsezkoa da autonomia erkidegoko hitzarmenak lehenestea, estatukoen gainetik jarri beharko liratekeelako. Eta hori dena konpondu barik guk ez dugu erreforma babestuko. Gaur gaurkoz, EAJ `ezetzaren´ aldean dago. Denbora luzea daramagu gai honetaz berba egiten eta eurek jakin dakite gai hau ezinbestekoa dela. Nik ez dakit Gobernuak proposamena norekin aterako duen, baina arazo hau konponduta ikusten ez dugun bitartean, ezin diogu lan erreformari gure babesa eman”, izan da bere erantzuna.

 

Gure Legebiltzar Taldea