Prentsa Aretoa

2022/01/11

Euskal Taldeak ez du Lan Erreforma babestuko, hitzarmen autonomikoak estatukoen gainetik lehenetsiko direla bermatu arte

Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan, Josune Gorospe diputatuak ohartarazi duenez EAJ-PNVk ez du gai horretan amore emango harik eta Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreraren kudeaketaren transferentzia hitzartutako terminoetan gauzatu arte, hau da “osotasunez eta behin betiko”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Josune Gorospek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko diputatuak, gaur aitortu du Espainiako gobernuarekin elkarrizketa egon badagoela Lan Erreformaren inguruan, baina berriro azpimarratu du EAJ-PNVk ez duela Lege Dekretu hori babestuko hitzarmen autonomikoak estatuko hitzarmenen gainetik lehenetsiko direla bermatu arte.

Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan, Gorospek Espainiako gobernuaren planteamendua kritikatu du eta esan du Parlamentuko taldeek abstentzioa bozkatzea espero duela Lan Erreformaren tramitazioa bermatzeko. “Guk aurrera egin nahi dugu, bai eta 2017an euskal eragileen artean adostu zen lanbide arteko akordioa errespetatzea ere, Euskadiko sindikatuak estatuko sindikatu nagusiez besteko sindikatuak direlako”, baieztatu du. Hala aldarrikatu du Ministroen Kontseiluan onartu den testuan lan esparru hori “berariaz aitortu beharra”. Proposamen berbera Euskal Taldeak Espainiako gobernuari planteatu zion duela aste batzuk, negoziaketak hasi zirenean.

Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreraren kudeaketaren transferentziaz galdetuta, transferentzia hau gauzatzeke dagoela gogoan, Gorospek ohartarazi du EAJ-PNVk ez duela amore emango Espainiako gobernuarekin adostutako akordioa errespetatuko dela bermatu arte eta transferentzia “osotasunez eta behin betiko” gauzatu arte. “Borondate politiko kontua da”, baieztatu du. “BGDSa sartzen da Euskadin Diru Sarrerak Bermatzeko Errentarekin ondo bideratuta geneukan babes sozialeko esparruan eta, beraz,erabat premiazkoa da BGDSa transferitzea euskal babes sisteman txerta dezagun eta behin betikoa izan dadin”

Testuinguru berean, Gorospek baieztatu du Euskal Taldearen borondatea dela Espainiako gobernuarekiko harremanak “gehiegi ez tenkatzea” euskal hiritargoaren ongizatea bermatzeko politika publikoetan “aurrera egin ahal izateko”, baina ildo beretik deitoratu duenez “Espainiako gobernuaren jarrera, Lan Erreforma adosteari edo hitzartutako terminoak errespetatzeari muzin eginez, BGDSren kasuan bezala, konfiantzazko harremana nabarmen eragozten du”. Hala, Estatuko gobernuari eskatu dio “egintzen bidetik aurrera egitea”.

Beste alde batetik, Gorospek deitoratu du Espainiako gobernua “atzetik” dabilela pandemiari aurre egiteko orduan hartu beharreko hainbat erabakitan, botiketako test hornidurarik ezarekin gertatu zen bezala, Gorospek Osasuneko ministroari ahozko galdera egin behar izan baitzion Osoko Bilkuran, edo, orain, Sanchez presidenteak test horien prezioetan atzo iragarritako esku-hartze “berantiarrarekin” gertatzen den bezala.

Azkenik, Alberto Garzon Kontsumoko ministroak eginiko adierazpenen inguruan sortu den polemikari buruz galdetuta, diputatu jeltzaleak adierazi du Espainiako Gobernuak kudeaketa-arazo bat duela, ministerio gehiegi egotearen ondoriozkoa, eta, horren ondorioz, hiperzatikatzearen ondorioz, eskumen nahikorik ez duten ministerioek hiperesposizio bat dutela, egiten duten lanaren araberakoa ez dena”.

Gure Legebiltzar Taldea