Prentsa Aretoa

2022/02/02

Euskal Taldeak proposatuta, Espainiako Gobernuak igarobidean dauden migratzaileentzako korridore humanitarioak bultzatuko ditu EBn

Hala jasotzen da EAJ-PNVk aurkeztu duen eta Kongresuko Osoko Bilkurak gaur arratsaldean eztabaidatu duen mozioan. Mozio berean eskatzen dira barne mugetan tragedia gehiago ez gertatzeko behar diren neurriak, bereziki Bidasoa ibaiaren inguruan, azken aldian migratzaileen itotze izugarrien gune bihurtu baita

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Migrazio eta Asilo Itunari buruzko negoziaketen arloan, Espainiako Gobernuak igarobidean dauden migratzaileentzako korridore humanitarioak bultzatuko ditu EBn. Horixe da Euskal Taldeak aurkeztu duen eta gaur arratsaldean Osoko Bilkurak eztabaidatuko duen mozioan jasotzen den neurririk nagusiena. Agiria bihar bozkatuko da eta, ziurrenik, Parlamentuko gehiengo batek babestuko du.

Ekimena Iñigo Barandiaran diputatuak Kanpo Arazoetako ministroari egindako presazko interpelazio baten ondorioz aurkeztu da, eta azken hilabeteetan Bidasoa Ibaian Frantziako Estatura iristen saiatzen ari ziren migratzaileen itotze tragikoak ditu oinarri. Bihar bozkatuko den testua PSOE eta UPrekin adostutako zuzenketa baten emaitza da.

Osoko Bilkuran Barandiaranek deitoratu du “Europako testuinguruan ez dagoela kemen politikorik nahikoa xenofobiaren eta antieuropeismoaren fenomenoei gizatasunez eta elkartasunez aurre egiteko; izan ere, fenomeno horiek immigrazioaren eta asiloaren arloko politika komunak formulatzea eragozten duten estatu batzuen jarreren azpian daude”. Horregatik, Euskal Taldearen ustez, “beharrezkoa da Europako Batasunean barne-migrazioa arautzeko eta babesteko neurriak bultzatzea, bai eta Europako Batasunak oinarrizko eskubideekiko berezko duen izaera eta oinarriak errespetatuko dituzten migrazio-eta asilo-politikak diseinatzea ere”.

Barandiaranen beraren hitzetan, “migraziorako benetako giza-bideak diren korridore humanitarioak” sortzeaz gain, ekimenak Gobernu zentralari eskatzen dio Europako agintariei, oro har, eta Frantziako agintariei bereziki, barne-mugetan, eta bereziki Bidasoa ibaian, tragedia berriak eragozteko neurriak hartzeko beharra helarazteko. Era berean, eta diputatu jeltzaleak adierazitakoarekin bat etorriz, gizarte-eragileen, toki-erakundeen, eskualde-erakundeen eta autonomia-erkidegoen laguntzarik gabe konponbide bakar bat ere eraginkorra izango ez dela jakinda, mozioak eskatzen du hiri eta eskualdeen parte-hartzea erraztea erabakiak hartzeko orduan eta Migrazioari eta Asiloari buruzko Itun Berria aplikatzerakoan; horretarako, haien finantzaketa hartuko da kontuan.

Azkenik, Euskal Taldeak Ganberaren babesa lortu du Gobernua “migratzaileen eskubideak babesteko lanean norabide egokian jartzen laguntzen duten neurriak” onartzeko, hala nola, Espainiako Gobernuari eskatzen diona “Europako Batasunaren esparruan Asiloaren Europako Sistema Bateratuaren erreforma bat susta dezala”, erantzukizun partekatuaren printzipioan oinarritua, iragaitzazko migratzaile guztien nazioarteko babeserako eskubidea bermatzera, arrisku nazionalari buruzko eztabaida bultzatzera eta segurtasun nazionalari buruzko eztabaida bultzatzera begira, edo autonomia-erkidegoekin lankidetzan, “migratzaileak hartzeko baliabideak eta tresnak eskuratzeko irizpideak aldatzeari buruzkoa, haiei eman beharreko arreta egokia bermatuz”.

Jarraian eransten dugu gaur arratsaldean PSOE eta UP alderdiekin adostutako mozioaren testua, bihar bozkatuko dena:

1.   Migrazio eta Asilo Itunari buruzko negoziazioen esparruan korridore humanitarioak sor daitezen bultzatzea.

2.   Batasunaren eremuan, Asiloaren Europako Sistema Bateratuaren erreforma sustatzea, erantzukizun partekatuaren printzipioan oinarrituta, gure bizilagunei elkartasuna adieraziz eta haiekin bat eginez, neurri gisa, EBren kanpo-mugak hobeto kontrolatzeko ez ezik, igarobide horretan dauden migratzaile guztien nazioarteko babeserako eskubidea bermatzeko ere, ahaztu gabe, noski, pertsonen heriotza eta desagerpena saihesteko helburu nagusia.

3.   Hiriek eta eskualdeek erabakiak hartzeko prozesuan eta Migrazioari eta Asiloari buruzko Itun Berriaren aplikazioan parte har dezaten erraztea. Horretarako, kontuan hartu beharko da laguntza-eta integrazio-jarduera horietan bideratzen duten finantzaketa.

4.   Segurtasun nazionalerako edo ordena publikorako arrisku-irizpidea argitzeari buruzko eztabaida bultzatzea, irizpide argiak ezarriz irizpide horiek aplikatzeko, Schengen muga-kodea betetzeko eta mugen kudeaketan eta kontrolean Europako lankidetza lortzeko.

5.   Europako agintariei, oro har, eta Frantziako agintariei, bereziki, barne-mugetan eta, batez ere, Bidasoa ibaian tragedia berriak eragozteko neurriak hartzeko beharra helaraztea, bai eta arraza, kolore, jatorri edo identitateagatik bereizkeriazko tratuak saihesteko mekanismo partekatuak ezartzeko beharra ere, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren doktrina oinarrizkoenaren aurkakoak baitira.

6.    Autonomia-erkidegoekin lankidetzan, migratzaileak hartzeko baliabideak eta tresnak eskuratzeko irizpideak aldatzea, haien arreta egokia bermatuz eta genero-arrazoiengatik, adinagatik edo sexu-orientazioagatik kalteberatasun bereziko egoeran daudenei zuzendutakoak indartuz.

Gure Legebiltzar Taldea