Prentsa Aretoa

2022/03/14

Aitor Estebanek berretsi du gasak trantsizio elementu gisa duen garrantzia eta elektrizitatetik banantzea eskatu du

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Euskal Taldeko bozeramaileak deitoratu du Espainiako Exekutiboak “beldur izugarria” diola Mikel Zabalzarena moduko kasuei dagokien “edozein dokumentazio mugitzeari”, eta ez du erabat baztertu hauteskundeak aurreratzea “Sánchezek hauteskundeetarako momentu ona eta edozein aitzakia aurkitzen baditu”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Aitor Esteban, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramailea, “harrituta” agertu da gaur, “zentzu onean, gainera”, nazioarte mailan Errusiari eman zaion erantzunarekin Ukraina erasotzen hasi denez geroztik. Estebanek baieztatu duenez “salbuespen egoeran gaude” eta ohartarazi du gerra hau “zartako handia” dela esparru ekonomikoan “hainbat posizio berriz bideratzea eskatzen duelako”. Hala, Estebanek hitz egin du Europan eta Espainiako estatuan egun ematen ari den energia krisiaz eta EBri eskatu dio argindarraren prezioa ezartzeko metodoa aldatzea: “gasa argindarraren preziotik atera behar da, EBk zerbait adostu behar du honen inguruan”, baieztatu du.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, jeltzaleen bozeramaileak gogoratu du EAJ-PNVk urte bete luzea daramala aldarrikatzen gasa oso garrantzitsua dela trantsizioko elementu gisa eta “energia erabat garbiak lortu arte” eta nabarmendu duenez zentzu honetan Euskal Taldeak Trantsizio Ekologikoko Ministerioari erreklamatu diola Bilboko gas zamalekuak handitzea “lehenagotik ere beharra eta eskaria egon bazegoelako”. “Ematen du tabu batzuk aldatu direla, orain arte mugiezinak zirenak, besteak beste penintsula eta Europaren arteko konexioak”, nabarmendu du Estebanek.

Hain zuzen ere, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeak aste honetako Osokora eramango du Urkrainako gerrak ekonomiarako eta industriarako ekarri dituen ondorioekin zerikusia duten bi ekimen. Idoia Sagastizabalek interpelazio bat egingo dio Industria, Turismo eta Merkataritza Ministro andreari eta galdetuko dio zer neurri hartzea pentsatu duten lehenagotik zegoen energia krisia larriagotu denez geroztik eta lehengaien krisiaren aurrean, Ukrainiako inbasioaren eraginez; eta Joseba Agirretxeak kontrol bilkuran Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministroari galdetuko dio “Ukrainako gatazkak eragin duen egoeraren ondoren NPBa berrikusi behar ote den”. Interpelazio biak asteazkenean egingo dira, goizeko 9:00etan Diputatuen Kongresuan hasiko den kontrol bilkuran.

Beste alde batetik, eta Sekretu Ofizialen Legearen aldarazpenaz galdetuta, gai hori erreklamatzen Euskal Taldeak urteak daramatzala gogoan izanik, bai eta Eusko Jaurlaritzak Zabalza poliziaren indarkeriaren biktima izan zela aitortu ondoren Aitor Estebanek iragan astean Sánchez presidenteari kasu honen dokumentazioa desklasifikatzea eskatu ziola ere, jeltzaleen bozeramaileak gogora ekarri duenez auzitegiak “ez dira mugituko Gobernua mugitu arte”. Zentzu honetan, Estebanek kritikatu du Exekutibo zentralak “beldur ikaragarria diola edozein paper mugitzeari, administrazioaren sakon sakoneko botereak asaldatzeari eta horrek (Zabalza kasuaren dokumentuak desklasifikatzeak) ekar dezala Aldana Tabernaren kontrako atentatuaren kasuarekin edo beste hainbat gauzarekin egin behar izatea. Ez dakite zer dagoen eta izututa daude”, laburbildu du.

Amaitzeko, Estebanek berretsi du EAJ-PNVren asmoa dela legealdia agortzea “ezin garelako jendea zorabiatzen ibili”, eta indar politikoei eskatu die “ahal den neurrian, gehiengoak osatzeko borondatea izatea, ahal den egonkortasunik handienarekin legealdia amaitzeko”. Edozein kasutan, bozeramaile jeltzaleak ohartarazi du “tentsioa” ematen ari dela Unidas Podemos-en baitan Díaz ministroaren eta Montero eta Belarra ministroen artean “kontraprogramazioak eta zakarkeriak eman direlako”. “Ikusiko dugu horrek eztanda egiten ote duen eta Gobernuarentzat zer ondorio dakartzan; ez litzateke bihar goizean izango, baina Sánchezek hauteskundeetarako momentu ona eta edozein aitzakia aurkitzen baditu, nik ez dut baztertzen hauteskundeak deitzea”.

Gure Legebiltzar Taldea