Prentsa Aretoa

2022/10/19

Euskal Taldeak berretsi du Espainian prostituzioarekin ematen den egoera aztertu behar dela beste edozein erreforma egin aurretik

Jarrera horren arabera hiru zuzenketa erregistratu ditu PSOEren Lege Proposamena indarrik gabe uzteko, fenomenoa soilik alderdi zigortzailetik jorratzen duela uste duelako

rss Ezagutzera eman
Euskal Taldeak berretsi du Espainian prostituzioarekin ematen den egoera aztertu behar dela beste edozein erreforma egin aurretik

ARGAZKIA JAITSI

Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeak berretsi du Kongresuan Azpibatzorde bat eratu beharko litzatekeela beste edozein erreforma egiten hasi aurretik. Jarrera horren arabera, jeltzaleek hiru zuzenketa aurkeztu dituzte gaur PSOEk proxenetismoa abolitzeko egin duen Lege Proposamena indarrik gabe uzteko.

Jeltzaleek uko egin diote prostituzioaren fenomenoa alderdi zigortzaile hutsetik jorratzeari, eta uste dute, gainera, “Zigor Kodearen edozein erreformak aurretiaz egin beharreko eztabaida behar duela, bai eta ahalik eta adostasunik zabalena ere”, PSOEren ekimenean “eman ez den zerbait”. Horregatik eta Euskal Taldeak “legeak egin baino lehen eztabaidatzearen“ aldeko denez, gaur aldarrikatu du iragan urriaren 11n erregistratu zuen Azpibatzordea.

Eratzekotan, EAJ-PNVk sustatzen duen lantaldearen xedea da “egiazko diagnostikoa” egitea, “prostitutei ahotsa emanez, bai eta era guztietako elkarteei, gaian adituei eta botere publikoei ere, emakumeak eztabaidaren erdian jarriz”. Hori dena “prostituzioaren fenomenoaren txosten bat egiteko bere ikuspuntu guztietatik aztertuta, datu erreal eta egiaztagarriekin”. Proposamena ez da oraindik Ganberan eztabaidatu.

ABORTOA

Beste alde batetik, Euskal Taldeak zuzenketa multzo bat aurkeztu dio Sexu -eta ugalketa-osasunari eta haurdunaldia borondatez eteteari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoa aldatzen duen Lege Organikoaren proiektuari.

Testua Gernikako Estatutuan aitortutako EAEren eskumenak defendatzeko eskumen-banaketaren araubidera egokitzeko hainbat zuzenketa egiteaz gain, EAJ-PNVk proposatu du Lege Proiektu honetatik kentzea subrogazio edo ordezkapen bidezko haurdunaldiari buruzko aipamen guztiak, uste baitu gai hori ez dela sartzen lege honetan jasotako ugalketa-osasunaren eskubideen barruan.

Hain zuzen ere, Joseba Agirretxea Euskal Taldeko Berdintasun bozeramaileak 2020ko urrian ohartarazi zion Irene Montero ministroari testu hori beste erreforma batzuetara zabaltzeko arriskua dagoela, EAJ-PNVk partekatzen duen helburua ez dena, hau da, PPk 2015ean egindako aldaketak iraultzea, 2010ean Kongresuan lortutako adostasunei eusteko.

GARRANTZITSUA: Ondorengo estekan ikus daitezke Euskal Taldeak proxenetismoa bere forma guztietan debekatzeko Zigor Kodea aldatzen duen Lege Organikoaren Proposamenari eta Sexu- eta ugalketa-osasunari eta haurdunaldia borondatez eteteari buruzko Lege Organikoaren Proiektuari aurkeztutako zuzenketak: https://kongresua.eaj-pnv.eus/eu/agiriak /

Gure Legebiltzar Taldea