Prentsa Aretoa
2023/01/31
Aitor Esteban: “Egungo gehiengoekin eta lortu diren aurrerapausoekin 'mozal legea' aldarazten ez bada, argi geratuko da jarrera batzuen zurruntasuna”
Kongresuan eman duen prentsaurrekoan bozeramaile jeltzaleak baieztatu du “egiaren ordua” iritsi dela Hiritarren Segurtasunerako Legearentzat, eta “oso harrituta” agertu da Gobernukideen artean “Soilik baietza da baietz” legearen inguruan hedabideetan erakusten ari diren ezbai-dantzarekin: “Konpon dezatela”
Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaileak gaur baieztatu du “egiaren ordua” iritsi dela `Mozal Legearen´ aldaketarako, eta azken urte honetan Euskal Taldearen lege Proposamenaren inguruan lortu diren aurrerapauso esanguratsuak nabarmendu ditu. “Urrats garrantzitsuak eman dira eta, legealdia amaitzen uztearekin, gaurko gehiengoekin eta legea aldarazi gabe, argi geratuko litzateke jarrera batzuen zurruntasuna”, baieztatu du.
Kongresuan eman duen prentsaurrekoan, Estebanek azaldu ditu dagoeneko ontzat eman diren aldaketa batzuk, hauen artean zigortzeko erregimena, biltzeko eta manifestatzeko eskubidea, poliziaren jarduna identifikazio-atxiloketetan edo miaketetan, polizien grabaketa,… Azken finean eta bozeramaile jeltzalearen hitzetan, 40etik gora akordio dira “segurtasun printzipioaren eta eskubide eta askatasunen arteko orekarako aurrerapausoak ematea dakartenak”. Estebanek era berean aipatu ditu gaur egun akordiorik ezagutzen ez duten gaiak: istiluen aurkako materialaren erabilera; desobedientzia eta agintaria ez errespetatzea; mugako kanporaketak. Lehen bietarako, gainera “bide erdiko proposamen interesgarriak” planteatu dira. Azken honetarako, bozketara eramango da Euskal Taldearen proposamena.
“Lege aldaketak egiten dira aurrera eginez, zati bat aldatuz; inor ez da erabat gustura geratzen, baina legea hobetzen bada eta segurtasunaren eta askatasunen arteko oreka hori hobeto gauzatzen bada, uste dugu erreformak merezi duela. Bada sasoia landutako testuak ezagutuak izan daitezela eta hor talde bakoitzak esan dezala hurrengo legealdian indarrean dagoen legearekin jarraitu nahi ote duen edo modifikatu nahi duen, %100ean bere gustukoa izan ez arren”, laburbildu du.
SOILIK BAIETZA DA BAIETZ
`Soilik baietza da baietz´ legearen inguruan sortu den hika-mikaren eta atzo bertan PSOEk proposatu zuen aldarazpenaren inguruan galdetu diotenean, Estebanek lehenengo eta behin gogoratu du zigorren berrikusketak ezagutzen hasi zirenean EAJ-PNVk adierazi zuela hausnarketa egin behar zela legearen aplikazioaren inguruan. Areago, talde jeltzaleak orduan esan zuen ez zuela begi txarrez ikusiko legean aldaketak egitea, hori bai “legearen muina” defendatuz.
Hori esanda, Esteban “oso harrituta” agertu da hedabideetan ematen ari den eztabaidarekin. “Hain gai garrantzitsu eta delikatua da, eta hain ondo asmatu behar da aldarazpenekin, ezen ez baita ona hedabideetan horrenbesteko iritzi-dantza plazaratzea. Eta hortik dator erantzukizuna Gobernuak duela, bakarra baita. Euren artean ezbaiak badituzte (koalizioan), konpon ditzatela”, kritikatu du.
Halaber, eta EAJ-PNVk lege aldaketei buruzko iritzia aldaketak aurkezten direnean eta “epaileekin eta beste sektoreekin” kontrastatu ondoren emango duela esan ondoren, jeltzaleen bozeramaileak PPri deitoratu dio aldaketak zein izango diren jakin gabe onartzeko prest agertzea. “Lege hau ez genuke erabili behar arrakalak sortzeko edo probetxu politikoa ateratzeko. Arazoa oso larria da eta legea oso delikatua da horretan ibili beharrik gabe”, esan du.
Azken finean, Estebanek aitortu du “hutsegitea” dagoela legean, aplikazioan aldi baterako xedapena jaso ez delako, eta esan du zigorren beherapenen inguruan “kezka sozial” handia ematen dela baina era berean esan du epaiak ulertzen dituela oraindik denbora eta perspektiba behar dela esaten dutenean eta legea “aldatzeko” prest agertu da “baina argi izanik horrek zer ondorio ekarriko dituen eta aurreko kasuei eragingo ez zaiela jakinik”. “Izugarria izango litzateke gai honetan berriro ere erratzea”, aitortu du.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/21
Kongresua
2024/11/20
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/12
Kongresua
2024/11/04
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/06/24
EBB
2023/11/10