Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

2023/02/16

Agirretxea: “Zoriontzeko eguna da; 'trans legeak' eskubideak aitortzen dizkio orain arte izan ez dituenari”

Kongresuak behin betiko onartu ditu 'trans legea' eta 'Abortuaren legearen aldarazpena', eta EAJ-PNVren babesarekin onetsi ditu biak. “Dauden arazoei irtenbide politikoak eman behar dizkiegu behar besteko berme juridikoekin eta osasun bermeekin”, esan du Agirretxeak haurdunaldia borondatez etetearen inguruko eztabaidan

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Kongresuak behin betiko onetsi ditu, EAJ-PNVren babesarekin, trans pertsonen berdintasun erreal eta efektiborako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko Lege Proiektua eta Sexu eta Ugalketa Osasunari eta Haurdunaldia Borondatez Eteteari buruzko Lege Organikoaren Proiektua. Joseba Agirretxea diputatuak, jeltzaleek Kongresuan Berdintasun gaietarako duten bozeramaileak, lege testu biak behin betiko onartu izana ospatu du.

'Trans legea' izenez ezagutzen denari dagokionez, Agirretxeak baieztatu duenez “eskubideak aitortuko dizkio orain arte izan ez dituenari”, eta gogoratu du EAJ-PNVk pertsona transexualen eta transgeneroen aurrean eta haien elkarteekin “hitzeman zuen konpromiso politikoa”. Halaber, diputatu jeltzaleak esan du testu hau “urrats garrantzitsua” dela eta ez dela “inoren edo ezeren kontra aurkezten, baizik eta pertsonen alde. Ez da kenketa bat, batura baizik. Ez du zatiketarik egiten. Beraz, pertsona eta kolektibo batzuek esango dutenaren kontra, lege honek biderkatzea du helburu”.

Araua onartzen ez duten taldeei erantzunez, Agirretxeak gogora ekarri du trans pertsonek beren barruan sentitzen duten “urradur” “izan nahi dutena edo barruan sentitzen dutena izaterik ez dutenean”. “Zorionez, pertsona batzuek babesa ematen dieten familiak dituzte, eta izan nahi duten hori izaten laguntzen diete”, nabarmendu du.

Halaber, 'Abortuaren legea' izenez ezagutzen denaren erreformaz, Agirretxeak baieztatu du botere publikoen aldetik “arazoei irtenbide politikoak eman behar dizkiegu berme judizialekin eta osasun bermeekin”. “Inork pentsatzen al du haurdunaldia borondatez etetea debekatuko balitz abortuak egiteari utziko litzaiokeela?”, galdetu du Kongresuko tribunatik. “Horixe gertatzen zen lehen, eta ezkutuka abortuak egiten ziren emakumeen osasuna arriskuan jarriz”, amaitu du diputatu jeltzaleak.

Gure Legebiltzar Taldea