Prentsa Aretoa

2023/03/21

Estebanek balioa kendu dio zentsura mozioari, eta Tamamesi buruz esan duenez “Voxen korista hutsa da, konpasean dantzatzen ere ez dakiena”

Euskal Taldearen bozeramaileak Voxen hautagaiaz esan du “figura apetatsua” dela, “buruarin aldakorra”, eta bere diskurtsoaz esan du “egunkari zatien eta desiderátum sinpleen bilduma” dela. Ildo beretik esan duenez EAJ-PNVk “ez du sekula bozkatuko erakundeak ahultzea bilatzen duen ekimenik, are gutxiago Voxe-n ultraeskuin totalitariotik datorrenik”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Antzeztoki honetan gaur vedettea zarela uste duzu. Baina gainerako guztiok ikusten duguna da Vox-en korista hutsa, konpasean dantzan ez dakiena”. Horixe izan da Aitor Estebaneek, Euskal Taldearen bozeramaileak, gaur Kongresuan Ramón Tamames hautagai gisa aurkeztu duen zentsura mozioaz egin duen laburpena.

Hitzaldi laburra egin du Estebanek, 1979an 50 OHE begiztatu zituen Tamames izeneko butano-itsasontzi baten ibilaldia gogora ekarriz, zeinaren kroskoa kolore gorritik kolore beltzera igaro baitzen eta Mexikon itsasontziak desegiteko toki batean amaitu baitzuen. Estebanek hautagaiaren diskurtsoaz esan du “egunkari zatien eta desiderátum sinpleen eta Gobernuari gauzak argitzeko eginiko galderen bilduma” izan dela. Era berean deitoratu dio “ultraeskuindarrek demokraziaren izen ona zikintzeko darabilten jokoan” erori izana, eta baieztatu duenez EAJ-PNVk “ez du sekula bozkatuko erakundeak indargabetzea bilatzen duen ekimenik, are gutxiago Vox-en ultraeskuin totalitariotik badator, demokraziaren porrota bilatzen zuten taldeetan izan ziren haiengandik, diktaduraren oinordeko harroengandik”. Era berean esan du ez diola botoa emango “halako figura apetatsu eta buruarin aldakorrari”.

Estebanek baieztatu duenez OHE haien begiztatzearekin gertatu zen bezala, zentsura mozioak “azalpen zentzudunik” ez du eta Vox-en adierazpenak gogora ekarriz esan du Kongresuan gaur eztabaidatu den tresna “legala da baina aldi berean legearen kontrakoa”. Zentzu berean Euskal Taldearen bozeramaileak baieztapen hau justifikatzeko argudioak eman ditu. Lehenik eta behin, esan du, mozioa “legala da aurkezteko behar diren babes formalak dituelako, baina legearen kontrakoa da balizko hautagaiaren diskurtsoak eta ideiek aurkeztu duten horien onespenik ere jaso ez dutelako”; bigarrenik, agerian utzi du legala baina legearen kontrakoa dela “zentsura mozio eraikitzaile baten helburua bilatzen ez duelako, hau da, Gobernu berri baten inguruan gehiengo alternatiboa eraikitzea, baizik eta baten bat paseoan ateratzea, egunkarietan lehen orrialdean ateratzea eta aurkaria, PP alderdia, kinka larrian jartzea”; eta hirugarrenik, “Gobernu programarik ere ez dakarrelako, Ganberaren Araudiaren 177. artikuluan jasotzen den baldintza den arren”.

Edozein kasutan, Esteban Tamamesen diskurtsoaren alderdi batean geratu da, bere aburuz “jarrera ez demokratikoa” duela erakusten duena eta “gezur batean” oinarritzen dena: alderdien legea aldarazteko eskaria, alderdi abertzaleen balizko ´gainordezkaritza´ ezabatzeko. Kopuru zehatzak emanez, Estebanek baieztapen hau ezeztatu du osoko bilkuran azalduz eserleku bat lortzeko behar den boto kopurua: 40.262 behar ditu EAJ-PNVk (Araban, hauteskunde orokorretan), eta 11.700, 14mila edo 17mila behar ditu Vox-ek (Ceuta, Segovia eta Zamoran,hurrenez hurren, hauteskunde berberetan).

Azkenik eta hautagaiaren jarrera eta hausnarketa batzuen aurkako planteamendua aldarrikatu ondoren, Gerra Zibilari buruzkoa esate baterako, jeltzaleen bozeramaileak baieztatu duenez “adinak gaitasuna ematen edo kentzen ez digun arren”, “sasoi bat dago egoteko eta beste bat joateko”.

Gure Legebiltzar Taldea