Prentsa Aretoa
2023/08/29
Euskal Taldeak legegintzaldiaren lehenengo bost lege-proposamenak aurkeztu ditu
Jeltzaleek legegintza-ekimenak erregistratu dituzte beste behin Sekretu Ofizialen Legea, CNI arautzen duten legeak, Erregearen bortxaezintasuna eta Konstituzio Auzitegiaren Legea aldatzeko, eta jurisdikzio unibertsalari buruzko lege-proposamen berri bat
EAJ-PNV Euskal Talde Parlamentarioa atzo arratsaldean osatu zen ofizialki, Kongresuko Araudian aurreikusitako baldintzak bete eta Behe Ganberako Mahaiaren oniritzia jaso ondoren. XV. legegintzaldi honetan Aitor Esteban, Idoia Sagastizabal, Maribel Vaquero, Joseba Agirretxea eta Mikel Legarda diputatu jeltzaleek osatuko dute Euskal Taldea. Madrilen Euskadiren ahotsa izaten jarraituko dute eta Euskadiko herritarren interesen alde lan egingo dute.
EAJ-PNVk ekimenak bultzatzeko talde propioa duen XV. legegintzaldiaren lehen egun honetan, Euskal Taldeak lehenengo bost lege-proposamenak aurkeztu ditu Behe Ganberaren Erregistroan. Hala, jeltzaleek ondokoak aldatu nahi dituzte legealdi berri honetan: Sekretu Ofizialen Legea, Inteligentzia Zentro Nazionala (CNI) arautzen duten legeak, Estatuburuaren bortxaezintasuna eta Konstituzio Auzitegiaren Legea. Gainera, jurisdikzio unibertsalari buruzko ekimen berri bat erregistratu dute nazioarteko krimen larriak zigorrik gabe geratu ez daitezen.
Lehenengo ekimen-sorta horrez gain, Euskal Taldeak jakinarazi du beste ekimen batzuk aurkezteko lanean ari dela.
Hona hemen bost lege-proposamenak:
1- SEKRETU OFIZIALAK
Euskal Taldeak 1968ko Sekretu Ofizialen Legea erreformatzeko lehen proposamena egin zuenetik zazpi urte igaro direnean, eta Kongresuko osoko bilkurak proposamen hori behin baino gehiagotan aintzat hartu ondoren, Lege Frankista horrek oraindik ere indarrean jarraitzen du. Etengabeko blokeoak eta bete gabeko iragarpenak gorabehera, EAJ-PNVk berriro ere defendatu du dokumentuak desklasifikatzeko epe batzuk ezartzearen eta arlo horretako legeria gure inguruko herrialdeekin homologatzearen komenigarritasuna.
Erregistratutako ekimena hemen ikus daiteke
2.- INTELIGENTZIA ZENTRO NAZIONALAREN (CNI) KONTROLA
2022ko maiatzean, Euskal Taldeak Inteligentzia Zentro Nazionala (CNI) arautzen duten legeak eguneratzea proposatu zuen, Pegasus kasuan ezagutzera emandako entzuketen eskandaluaren harira, zentroaren jarduketen kontrol politiko eta judiziala hobetzeko. Ekimen horren bidez, aldaketa politiko batzuk egitea proposatzen da, hala nola CNIko zuzendariaren izendapena Gobernuaren presidentzia duen pertsonak egin dezala eta Ganberak Sekretu Ofizialen Batzordearen bidez egiten duen kontrol politikoa hobetu dadila. Gainera, zuzenbidezko estatuaren bermeak zabaltzen dira, aurretiazko kontrola hobetzen eta ex post kontrola sortzen baita. Espainiako Gobernuko presidenteak berak hitz eman zuen aldaketa horiek egingo zituela, baina, bistan denez, ez dira egin. Hori dela eta, Euskal Taldeak berriro aurkeztu du ekimena.
Erregistratutako ekimena hemen ikus daiteke
3.- JURISDIKZIO UNIBERTSALA
Botere Judizialaren Lege Organikoaren 23. artikuluaren aldaketa honen bitartez, EAJ-PNVk jurisdikzio unibertsalaren erregulazioa moldatzea proposatzen du, nazioarteko krimen larriak zigorrik gabe geratu ez daitezen. Jeltzaleentzat nazioarteko komunitate osoaren aurkako delituak, hala nola genozidio-krimenak, gizateriaren aurkako krimenak, gerra-krimenak, tortura-krimenak edo bortxazko desagerpena, besteak beste, "indargabetuta" geratu dira azken erreformen ondoren, eta delitu horiek nazioarteko itunetan aurreikusitakoak dira, egileari eta biktimari dagokien naziotasunetik eta komisio tokitik kanpo.
Erregistratutako ekimena hemen ikus daiteke
4.- ESTATUBURUAREN BORTXAEZINTASUNA
EAJ-PNVk Erregearen bortxaezintasuna bere ekintza instituzionaletara mugatzea proposatu du. Euskal Taldearentzat ez da egokia bortxaezintasunaren interpretazio bat Erregea Konstituzioaren eta legeen egiturazko balioen gainetik egotea dakarrena. Gainera, legegilearen nahia ez zen bortxaezintasuna erabatekoa izatea.
Horregatik, 2022ko ekainean egin genuen bezala, Juan Carlos I.ari lotutako eskandaluen harira sortutako eztabaida sozial eta politikoko testuinguruan, Euskal Taldeak berriro ere aurkeztu du Botere Judizialaren Lege Organikoa aldatzeko proposamena, erregearen bortxaezintasuna haren ekintza instituzionaletara mugatu dadin.
Erregistratutako ekimena hemen ikus daiteke
5.- KONSTITUZIO AUZITEGIA
Euskal Taldeak legegintza-proposamen bat aurkeztu zuen 2016ko abenduan, PPren gehiengo osoz Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoan 2015ean egindako azken bi erreformak indargabetzeko. Jeltzaleen ekimenaren helburua zen, alde batetik, Konstituzio Auzitegiaren Legearen zenbait artikulu ezabatzea, zehazki, auzitegiaren epaiei izaera betearazlea ematen dieten artikuluak eta epai horiek betetzen ez dituzten agintari eta funtzionarioen aurka jardutea ahalbidetzen dutenak; eta, bestetik, autonomia-estatutuen aurkako konstituzio-kontrakotasuneko aurretiazko errekurtsoa indargabetzea. Euskal Taldeak erreforma bikoitz hori aurkeztu du berriro, azken legegintzaldietan egin duen bezala.
Erregistratutako ekimena hemen ikus daiteke
Nabarmenak...
Kongresua
2024/12/11
Kongresua
2024/12/06
Kongresua
2024/12/03
Kongresua
2024/11/28
Kongresua
2024/11/27
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/06/24
EBB
2023/11/10