Prentsa Aretoa
2023/09/27
Aitor Estebanek Alberto Núñez Feijóori: “Ikuspegi argi batetik 'ez' esaten diogu zure inbestidurari”
Euskal Taldeko bozeramaileak adierazi duenez EAJ-PNVk bere botoekin Feijóoren inbestidura “zapuztu” du “Partido Popularrak euskal eta kataluniar nazio errealitateen aurrean egin duen diskurtso “kezkagarriagatik” eta Vox tartean dagoelako. “Bale bat dago igeritoki barruan, bere tamaina handiagatik ezkutatzea ezinezko egiten duena”
230927_Aitor Esteban_Investidura Núñez Feijóo
HITZALDIA - 2023/09/27
“EAJ-PNVk erabakiak hartzen ditu. Gure historian zehar horietako batzuk hartu behar izan dira oso egoera latzetan. Herriari hitzeman diona betez,adi dago beti herriak eskatzen diona aditzeko. Inor kaltetu gabe. Gure ipar bakarra euskal herriaren biziraupena eta bere askatasuna. Eta ikuspegi argi batekin 'ez' esaten diogu zure inbestidurari”. Hala hitz egin dio Aitor Esteban Euskal Taldeko bozeramaileak gaur Espainiako presidenterako hautagai Alberto Núñez Feijóori inbestidurako bigarren saioan, eta EAJ-PNVren jarrera laburbilduz.
Bozeramaile jeltzaleak Kongresuko tribunatik azaldu duenez, Euskal Taldeak ez du popularren hautagaitza babestuko tartean Vox dagoelako. “PPk ezin die EAJri ezta iritzi publikoari sinestarazi Vox tartean ez dagoela. Bale bat dago igeritokian, ezkutatzea ezinezko egiten duen tamaina duena”. Zentzu berean Aitor Estebanek gogoratu du EAJ-PNVk “hitza bete ohi duela”, U23rako hauteskunde Kanpaina baino lehen, hauteskunde Kanpaina osoan eta ondoren esan baitzuen “Vox-en botoak beharko zituen hautagaiak ez zituela gure botoak jasoko”. Euskal Taldeko bozeramaileak era berean txarretsi dio Feijóori “ultraeskuina normalizatzea”.
Estebanek bigarren argudio bat erantsi dio jeltzaleek popularren hautagaitzari emaniko 'ezetzari', eta hori izan da hainbat alorretan “egin duen diskurtso kezkagarria”. Hala, bozeramaile jeltzaleak gogora ekarri nahi izan ditu PPk iragan iganderako egin zuen deialdia “amnistiaren kontra agertzeko” eta euskal eta kataluniar nazio errealitateen aurrean erakusten duen jarrera. “Auzi horri politikaren esparrutik heltzeko borondatearen zantzurik ez da antzematen. Guztiz alderantziz, delitu berri bat iragarri da 'desleialtasun konstituzionala' izenez deitu duena, bidegabeko erabiltze delitua gogortzearekin batera. Egurra eta egur gehiago. Edozein momentutan kontu larria litzatekeen zerbait, orain are larriago bihurtzen da, denon borondate onarekin auzi horri heltzeko tarte bat ireki ahal litekeen momentuan”, esan du. Ildo beretik Estebanek adierazi duenez “errealitate tematia da euskal nazioa izan badela, bere nortasunaren jabe dena eta izaten jarraitu nahi duena”.
Era berean, Estebanek kritikatu egin du PPk hizkuntza ofizialen erabileraren inguruan, hala nola euskararena, Gorteetan eta Europan erabiltzearen inguruan duen adierazi duen jarrera eta, besteak beste, Memoria Demokratikoaren Legea indargabetzeko borondatea.
Euskal Taldeko bozeramaileak gaur hitza hartzeko izan duen tartea baliatu du hautagai popularrak atzo egin zituen adierazpenei erantzuteko. Lehenik eta behin, Estebanek gogora ekarri du Feijóoren hitzetan eta EH Bilduk hauteskunde kanpainan behin eta berriz kontrakoa esan zuen arren, PPk hautagaitza jeltzalearen alde bozkatu zuela “ezeren truke” Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraketarako. “Ondo dago hala nabarmentzea, Bilduk, bere beste gezur batean, behin eta berriz errepikatu baitzuen alderdi biok zerbait hitzartu genuela”, esan du. Edozein kasutan, Estebanek ziurtatu du boto hori ez zela “eskuzabaltasunetik” etorri baizik eta PPk beste erremediorik ez zuelako “kanpainako diskurtsoa lotsagarri gera ez zedin, Zuei komeni zitzaizuelako, alegia”.
Bigarrenik, Aitor Estebanek esan du Alberto Nuñez Feijóorekin bat datorrela esan duenean euskal gizarteak ez diola EAJ-PNVri botoa eman Sumar-en politika ekonomikoa egiteko, hain zuzen ere EAJ-PNVk aurreko legealdian PSOE-Unidas Podemos Gobernuak bultzatu zituen neurri ekonomiko eta fiskalen kontra bozkatu baitzuen, hala nola, lan-erreforma edo Etxebizitzaren Legea. Baina gaineratu duenez, "PPren politika ekonomikoa egiteko ere ez digute botorik eman. Uste al duzu EAJren politika ekonomiko eta industriala eta PPrena berdinak direla? Eskerrak industria-politika, hamarkadetan zehar, bertatik egin dugun,Euskaditik, eta ez Estatutik, eta eskerrak askotan estatuko legedian eragin ahal izan dugun", esan du.
Azken finean, Estebanek Núñez Feijóori gogora ekarri dio “EAJrekin edo Junts per Catalunya alderdiarekin kontatzeko, 33 kontuetatik ateratzen hasi behar duela”, Vox-eko botoei erreferentzia eginez, eta esan du hautagai popularrak atzo esan zuenaren kontra “ez dio gehiengoari uko egin, inoiz ez duelako gehiengorik izan”.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/21
Kongresua
2024/11/20
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/12
Kongresua
2024/11/04
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/06/24
EBB
2023/11/10