Prentsa Aretoa

2023/11/16

Euskal hiritargoaren onerako EAJ-PNVk lortu duen “akordio garrantzitsua” aldarrikatu du Aitor Estebanek eta ziurtatu du Euskal Taldeak jakingo duela “legegintzaldiko partida jokatzen”

Euskal Taldeko bozeramaileak ziurtatu du diputatu jeltzaleek 'bai' bozkatuko dutela Pedro Sánchezen inbestiduraren bozketan, eta presidentegaiari eskatu dio “beste era batetara aritzea”, “autogobernua hortzez eta haginez” defendatuko dutela gogoratuz

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Euskal Taldeak baiezkoa emango dio gaur hautagai sozialista eta jarduneko presidente Pedro Sánchezen inbestidurari. Eta egingo du euskal hiritargoaren onerako EAJ-PNVk PSOErekin izenpetu duen “akordio garrantzitsua” aldarrikatu ondoren eta talde jeltzaleak legegintzaldiko “partida jokatzen” jakingo duela ziurtatuaz batera.

Bere betiko estiloan, Euskal Taldeko bozeramaile Aitor Estebanek metaforak erabili ditu gaur tribunatik hitza hartzeko izan duen tartean; kasu honetan errugbiaren terminologia erabiliz egin du. Bere azalpenetan, EAJ-PNVk `garryowen´ deitzen den jokaldia egingo du gaur “aurrerako ostikoa emango du legegintzaldiari aukera bat emateko”, “partida jokatu ahal izateko eta entseguren bat markatu ahal izateko”. Hala ere, ildo beretik aurreratu du XV. Legegintzaldi honetan ezin izango dira `maul´ edo jokalariek aurrera egiteko baliatzen dituzten jokaldi asko egin. Hain zuzen ere, Pedro Sánchezi eskatu dio legegintzaldi honetan “beste era batetara” jardutea. “Aurreko legegintzaldiaren esperientziak esaten digu begirada partekatua izan beharrean, talde batzuek pentsatzen zutela beren hauteskunde egitasmo osoa garatzeko eskubidea zutela, besteok burututako egintzen bidetik konformatu behar genuela iritsita. Bada, argi eta garbi esango dut inor okertu ez dadin: bide hau agortuta dago”, esan du. Edozein kasutan, jeltzaleen bozeramaileak ziurtatu du Euskal Taldeak hainbat `uztartze ireki´ egin ahal izango dituela anabasa edo melearen erdian baloia eskuratuz: “Jokoaren parte ere bada hori, eta egiten jakin behar da”. “EAJ-PNVk partida asko jokatu ditu, arauak eta jokoaren teknika ezagun ditu. Erakutsi egin dugu dagoeneko eta egiten jarraituko dugu”, amaitu du.

Bere diskurtsoan, Aitor Estebanek EBBren presidente Andoni Ortuzarrek eta PSOEren idazkari nagusi eta Gobernuko jarduneko presidente Pedro Sánchezek izenpetu zuten akordioaren lerro nagusiak ekarri ditu gogora. “Akordio garrantzitsua da, Herri hobea egiten gaituena eta gure hiritargoaren beharrei erantzuten diena. Adi egongo gara betetzeko urratsak eman daitezen”, laburbildu du.

"Oso positibotzat jotzen dugu EAEko herritarren gehiengoak naziotzat hartu nahi izatea eta puntu horri buruz hitz egiteko eta negoziatzeko adierazitako borondatea aitortu izana”,nabarmendu du. Aldebikotasunari, autogobernuaren bermeei eta forutasunari ere egin die erreferentzia Estebanek, Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarrian eta Gernikako Estatutuaren Xedapen Gehigarrian "jasotzen" baita, euskal autogobernu berri batean lan egiteko, eta adierazi duenez, "bada garaia Gernikako Estatutua zabaltzeko, Euskadin gehiengo zabaletan eta Estatuarekiko akordioan oinarrituta", EAJ-PNVk eta PSOEk hitzartutakoaren arabera.

Estatutuan jasotzen diren eta oraindik transferitu gabe jarraitzen duten eskuduntzen inguruan, Estebanek Sánchezi gogoratu dio “bete gabe” utzi zuela Estatuko Gobernuak proposatu zuen egutegia, baina konfiantza agertu du eta esan du berak espero duela oraingoan bai izenpetutakoa betetzea eta transferitzeke dauden eskuduntza guztiak transferitzea, Segurantza Sozialaren erregimen ekonomikoa barne. “Hiru eskuduntza jasotzen dira akordioan epe laburrean transferitu behar direnak. Hel iezaiozu lan horri. Ez litzateke zaila izan behar. Horrek argi eta garbi utziko ditu gainerakoak urte biko epean betetzeko dituzun asmoak”, ohartarazi du.

Estebanek begi onez hartu du akordioan beste gai garrantzitsuak jaso izana, besteak beste, Euskadiko eta Nafarroako Batzorde Mistoetan birjarpen-tasak ezartzea eta ordainsari-masaren gehikuntzaren maximo globalak ezartzea; kooperatiben aurreikuspen-sistema propioaren biziraupenerako legedi berriak sortutako arazoa konpontzea; edo euskara mundu digitalean bultzatzeko aurreikusten den 100 milioi euroko inbertsioa egitea.

“Pentsatu nahi dut nire alderdiarekin adostutako akordioan izenpetutakoak konprometitu egiten zaituela. Eta oraingo honetan egiten duela. Halaber, suposatzen dut jabetuko zarela gobernagarritasunari eusteko, hala izatea behar duzula”, ohartarazi dio Estebanek Sánchezi. Hitz egiten jarraitu du ohartaraziz atzo bertan presidenteak iragarritako neurrietan gai batzuk daudela autonomiei dagozkienak. “Nire alderdiarekin izenpetu duzun akordioaren arabera, zeina Estatutuari zor zaion errespetuan oinarritzen baita, gure autogobernua errespetatuko dela argi uzteko klausula sartu behar duzu, autogobernuari eraso ahal zaiola ulertzen denean. Hortzez eta haginez defendatuko dugu gure autogobernua, defentsa horretan bakarrik geratu arren”, ziurtatu du.

Kongresuan erregistratu den Amnistiarako Lege Proposamenaz, Estebanek eskuineko alderdiei txarretsi die elkarbizitzaren eta Zuzenbide Estatuaren apurketaz eta Estatu kolpeaz hitz egin izana, testua ezagutzera eman baino lehen. “Egia izan, gatazka hau amnistia batekin amaitu behar zen Kataluniako sare politiko eta soziala berregin nahi bazen”, esan du. Amaitzeko ziurtatu du inbestidura honetan Konstituzioaren 99. artikulua “zehatz-mehatz” errespetatzen ari dela, Estatuko Gobernua eratzeko modua jasotzen duena, hain zuzen.

Estebanek hitza hartzeko tartea ere baliatu du Alberto Núñez Feijóori erantzuteko, PPko buruak atzo bertan esan baitzuen EAJ-PNVk traktorea alde batera utzi duela igitaia eta mailua hartzeko eta PPren traktoreari muzin eginez. “Marianorekin egin ohi nuen moduan,ea errima batekin ulertaraztea lortzen dudan. Alberto, zure traktoreak aleka hartu du, Vox olioa baitiozu sartu”, aurpegiratu dio.

Gure Legebiltzar Taldea