Prentsa Aretoa
2019/04/20
Ortuzar: "EAJ-PNVren aldeko botoa erabakigarria izango da Sanchez Ciudadanosekin hitzartzeko tentaldian eror ez dadin"
EBBko presidenteak Zarautzen aldarrikatu du talde jeltzaleak Madrilen Euskadiren interesen defentsan egin duen lana, aurreko denboretan Xabier Arzalluzek eta Juan Ajuriagerrak egin zutena
20190420_Andoni Ortuzar. Zarautz
MINTZALDIA - 2019/04/20
Argazkiak...
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, euskal hiritargoari azaldu dio gaur zergatik den horren garrantzitsua apirilaren 28an EAJ-PNVren alde bozkatzea. Zarauzko moilan gaur egin den ekitaldian jeltzaleen buruak baieztatu du talde jeltzaleari emaniko babesak ahalbidetuko duela “azken 40 urteotan lortutakoari eustea eta are gehiago lortzea, Nazio gisa eta gizarte gisa aurrera egitea”. Gaineratu duenez “Hainbat gauza daude oraindik egiteko. Horregatik eskatzen dugu EAJren alde bozkatzea. Baliagarria baino gehiago, erabakigarria den botoa, erabakigarria Euskadin Madrilen defendatzeko; erabakigarri izan nahi dugu handik gurea den guztia ekartzeko; erabakigarri eskuindarreko hiru horiek oposiziora joan daitezen; erabakigarri sozialistak Ciudadanosekin hitzartzeko tentaldian eror ez daitezen; erabakigarri izan behar dugu, azken finean, Madrilen Euskal talde indartsua eratzea lortzeko”, baieztatu du Ortuzarrek. Jeltzaleen buruarekin batera hitz egin dute mitinean Joseba Agirretxeak eta Maribel Vaquerok, Kongresu eta Senaturako Gipuzkoako hautagaiek eta Xabier Txurruka Zarauzko alkate eta berrautaketarako hautagaiak.
Ortuzarren esanetan “Madrilen EAJ eta Euskadi gauza bera dira”. Eta horrela da “40 urte daramatzagulako Herri honen alde dena ematen. Hori da EAJk euskal gizartearen aurrean erakuts dezakeen aurkezpen-txartela”. Puntu honetan EBBko presidenteak omendu nahi izan ditu “Madrilen ordezkatu gaituzten emakume eta gizonak” eta aipamen berezia egin die Juan Ajuriagerrari eta Xabier Arzallluzi, duela gutxi zendutakoa. “Alderdiaren jarduna Madrilera eraman zuten oso garai latzetan. Orain eraginkor izan nahi dutenek orduan esaten zuten Madrilera ez zela ezertara joan behar. Baina Ajuriagerra eta Arzalluz ez ziren kikildu eta beren bideari eutsi zioten. Horiei esker, belaunaldi horri esker, hemen gaude oraindik, eta Euskadi dagoen lekuan dago gaur egun. Horregatik sentitzen gara harro, apaltasun osoz esaten dugu baina harro gaude EAJk eginiko lanaz. Hori da EAJren eredua deitzen duguna. Zarata eta zalapartaren aurrean, irainaren eta iskanbilaren aurrean, akordioak eta egonkortasuna sustatzen ditugu, baldintzarik onenak sortzen ditugu Euskadi Nazio gisa haz dadin eta euskal gizartearen ongizatea areagotu dadin”, adierazi du.
Ortuzarrek deitoratu duenez, EAJ-PNVk egunero gizarte, ekonomia eta kultura arloko gaiak proposatzen dituen bitartean, deskalifikazioa da Espainiako alderdi `handiek´ erabiltzen duten argudio bakarra. “Enpleguaz edo gizarte ongizateaz baino, aste osoa eman dugu handikeriak eta zentzugabekeriak entzuten, eta ez soilik eskuindarreko hiru horien aldetik. Pablo Iglesias bere baitan bilduta dago Mesiasena egiten eta Pedro Sanchezek, Poncio Pilatosen antzera, eskuak garbitzen ditu Estatu ereduari buruz ezer esan gabe. Atzo, esate baterako, Euskaditik ibili zen zuhurtzia gabeko eta borondate oneko jendearen botoa eskatzen, “boto baliagarri” deitu duten hori eskatzen. `Baliagarri´ deitu duten horren aurrean, Ortuzarrek aldarrikatu du “boto erabakigarria”, EAJ-PNVren aldeko botoa, hain zuzen.
Ortuzarrek ez du aipatu gabe utzi nahi izan atzo Ciudadanosek zabaldu zuen bideoa, zeinetan EAJ goibel eta buru makur agertzen den apirilaren 28ko hauteskundeetan Albert Riverak garaitu duela ikusirik. Bideo horren arabera, garaipen horrek ekarriko du euskal herritarron “pribilegioen amaiera”, besteak beste `kuponazo´ deitzen dutenarena. “ Suposatzen dut horrek botoak ematen dizkiela Espainian, Euskadin baragarri geratu direlako. Ez dago hitzik halako lotsagabekeria azalduko duenik. Gauza bat esango dut. Bideoak lehen minututik ez du funtzionatzen argi eta garbi dagoelako hori ez dela Sabin Etxea. Hiru katu baino ez dira agertzen :aktore biak eta kamara daramana”, erantzun du.
Joseba Agirretxea EAJ-PNVk Gipuzkoatik Diputatuen Kongresurako aurkeztuko duen hautagaiak azaldu du eskuindarreko alderdiak “Estatuaren izenean” erantzuten ari direla, eta gaineratu du “Estatu irainduaren sindromea” ez dela `espainiartasunetik´ sortzen baizik eta `estatalismo´ deitu duenetik. “Beraiek Estatua dute eta maila horretatik hitz egiten digute. Beraz, Estatuaren eta beren sinboloen defentsa egin behar dute”, azpimarratu du hautagaiak. Ildo beretik nabarmendu duenez “Estatua beren probetxurako erabiltzean erakusten dute beren ahultasun politikoa”. “Hauxe da Euskadi”, azpimarratu du Agirretxeak “guk zenbat eta autogobernu eta burujabetza handiagoa izan, Estatuak gero eta presentzia txikiagoa izango du; horregatik ari da azaleratzen birzentralizazio eta Estatu irainduaren sindrome hori”.
Maribel Vaquero Senaturako Gipuzkoako hautagaiak, bere aldetik, gogora ekarri du aste bete geratzen dela hauteskunde kanpaina amaitzeko, “aste bete botoa eskatzeko eta aukerarik onena EAJ-PNV bozkatzea dela azaltzeko; EAJ-PNVren aldeko botoa botorik erabakigarriena delako”. Vaquerok era berean azaldu duenez “denok daukagu asko jokoan, baina zer dauka jokoan PSOEK, esate baterako? Espainian nork gobernatuko duen, eta zilegi da, jakina, baina non geratzen dira Euskadi eta gure erakundeen, autogobernuaren eta Ekonomia Itunaren defentsa?”.Hautagaiak aldarrikatu du EAJ-PNV dela “gurea” defendatzeko “bermea” eta “denok erabakigarriak izango garela esan arren, zera galdetu behar da: erabakigarria, zertarako?”. Zentzu honetan, Vaquerok azpimarratu du EAJ-PNVren aldeko botoa “baliagarria eta erabakigarria” izateaz gain “ fundamentuzko botoa” dela gu mugiarazten gaituen gauza bakarra direlako herri honen interesak. Euskadik mugiarazten gaitu”.
Xabier Txurruka Zarauzko alkate eta berrautaketarako hautagaiak aditzera eman duenez “EAJ-PNV da bermerik onena gure gizartearen interesak defendatzeko Zarautzen, Euskadin eta Madrilen” eta talde jeltzalea lotu du seriotasuna, duintasuna, lidergoa, errespetua eta lankidetza kontzeptuekin. “Hitza eta baloreak ditugu”, esan du. “Gauzak bestela egiten ditugu. Gatazkatik, irainetik eta populismoetatik urrun gaude, hiri gauza horiek suntsitu baino ez dutelako egiten horren denbora luzea eraman diguna eta horren harro egiten gaituena”.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/20
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/12
Kongresua
2024/11/04
Kongresua
2024/10/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/06/24
EBB
2023/11/10