Prentsa Aretoa

2022/10/21

EAJ-PNVk Kupoa berritzeko akordioa lortu du eta ez die Estatuko Aurrekontu Orokorrei osoko zuzenketarik aurkeztuko

Lorpen garrantzitsu horretaz gain, jeltzaleek oraindik burutzeke dauden aurrekontu-akordioen betetze-mailaren joera “aldatzea” lortu dute, bai eta Gobernuaren konpromisoa ere Nerbioi eta Ibaizabal arroen titulartasuna euskal erakundeena izan ote daitekeen aztertzeko

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVk ez die Estatuko Aurrekontu Orokorrei osoko zuzenketarik aurkeztuko. Sabin Etxean emandako prentsaurrekoan, Aitor Esteban Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaileak erabakia justifikatzen duten arrazoiak azaldu ditu. Lehenik eta behin, Kupoaren Bosturtekorako Legea (2017-2021) berritzeko akordioa adostu dute.

“Nolabaiteko segurtasun juridikorik ezaren puntu batean sartzen hasiak ginen”, adierazi du Estebanek. Orain, eta EAJ-PNVk lortutako akordioari esker, “Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa deituko da, eta datorren hilaren 20a baino lehen egingo da, ziurrenik”. “Bertan, datozen bost urteetarako berrituko da Lege hau, une honetan dugun baldintza eta parametro berberekin, 2017an Cristobal Montoro Ogasun ministroarekin adostu zenez geroztik”. “Oso gai garrantzitsua da segurtasun juridikoari dagokionez, eta euskal erakundeek datozen bost urteetan kalitatezko politika publikoak egin ahal izateko baliabide nahikoak ziurtatzen dituelako”.

Bigarrenik, Estebanek azaldu du lortu dela oraindik betetzeke dauden akordioen betetze-mailaren joera iraultzea, errekerimendu hori izan zelarik EAJ-PNVk Sanchezen Gobernuari azken hilabeteetan egin ziona. “Akordioen betetze-maila handia ziurtatu nahi genuen, eta esan dezakegu balantze hori, urtearen amaieran, ona izango dela”, ziurtatu du Estebanek.

Gainera, bozeramaile jeltzaleak EAJ-PNVk lortutako beste akordio bat azaldu du: Espainiako Gobernuak, lehen aldiz, prozesu bat abiaraziko du, URA Uraren Euskal Agentziaren txosten baten argitan, aztertzeko Nerbioi eta Ibaizabal arroak, Bizkaia erdia baino gehiagori eragiten diotenak, euskal titulartasunekoak izan ote daitezkeen. Horrela, arroen benetako egoera zein den jakin ondoren, jurisdikzio-gatazka hori erabaki ahal izango da.

Espainiako Gobernuak trenbideen transferentziari buruz Eusko Jaurlaritzari bidalitako azken proposamenarekin egindako urrats esanguratsua ere aitortu du Estebanek. Euskal Taldeko bozeramaileak gogorarazi du mugimendu hori Urkullu lehendakariak eskatu zuela, eta planteamendua seriotzat jo du. Orain mahai gainean dugun proposamena ez da lehenago egin, eskaintza serioa da eta aztertzea merezi du. Hala, Estebanek ziurtatu du baikor dagoela, eta gaineratu duenez “ akordio batera iristen saiatuko gara”.

Nolanahi ere, Euskal Taldeko bozeramaileak berretsi du lortutako akordioen ondorioz EAJk uko egin diola osoko zuzenketa aurkezteari, baina negoziazioak irekita jarraitzen duela gaineratu du. Hala, Estebanek uste osoa du zuzenketa partzialei buruzko elkarrizketek “datozen egunetan fruituak eman ditzaketela eta akordio politiko gehiago iragarriko ditugula Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko herritarren mesedetan”.

Gure Legebiltzar Taldea